Trenton jaioa. Goikoaren garaikidea, Bonn, Cagliari eta Napoliko unibertsitateetan irakasle izan zen. Punta-puntako hizkuntzalaria, mintzaira klasikoen eta erromantzeen arteko konparaketan espezialista; baita substratu hizkuntzen ikerketan ere. Ondo ezagutzen zuen euskara. Botanikaz ere asko zekien eta lan gogoangarriak ondu zituen fitonimiaz, horietako bat euskarazko landare-izenez, gero ikusiko dugun bezala.

Substratuaren gaiari heltzen dio 1931an frantsesez argitaratu zuen Problèmes de substrat obran. Honela kokatzen du gaia: “Hizkuntza substratuaz egin diren azken urteetako konparazio azterketek ez digute soilik erakutsi alde guztietan berdinak direla substratu aztarnei bizirik irauten laguntzen dieten baldintza fisiko, demografiko eta sozialak; baita erakutsi digute beti kategoria semantiko berdinak izaten direla (lurraren gorabeherei lotutako berbak, landare eta basabere izenak, etab.) irauten dutenak, hauek baitira hiztegian sakonen sustraituta egoten direnak eta berrikuntzen aurrean erresistentzia gogorrena erakusten dutenak. Konstatazio hau toponimiaren alorrera ere zabaldu daiteke, noski. Izan ere, indigenen arteko konbentzioa da toponimia, lehenengo eta behin. Inbaditzaileen aurrean indigenek nolabaiteko nagusitasunari eusten diote beren lurraldeko lekuen ezagutzan eta baliabide naturalak menderatzeko eta erabiltzeko artean. Eta gertatzen da ur-bideen izenak, erliebearekin zerikusia dutenak, herrienak, abere eta landareenak ia egoera basatian jarraitzen dutela eta, nolabait esateko, gizakiaren bizileku isolatuenen izenak ‘substratuaren lekuko’ fidagarrienak direla”. (1931, 94-95).
Meillet aipatuz, esaten du honek pentsatzen duela grezierak eta latinak, bakoitzak bere aldetik, zuzenean edo zeharka, ezezaguna zaigun hirugarren hizkuntza batetik mailegatu zituztela “metalen eta landareen izenak batez ere, eta oro har, Egeoko zibilizazioen terminorik berezkoenak”. (1931, 95). Ondoren esaten du Kreta zela Egeoko gunerik distiratsuena.
Substratu aurre-indoeuroparra eta haren gaineko geruza indoeuroparra bereizi beharraz dihardu, eta dio hitzak eta toponimoak “du point de vue des sons, des formes et du sens” aztertu behar direla, hau da, soinuak (fonetika), formak (egitura) eta zentzuak (esanahia, semantika) hartu behar direla kontuan.
Kontsonante herskarien alternantzia toponimian
Bere azterketa-lanean kontinenteko zein Sardiniako adibideak ekartzen ditu nahasian. Guk banatu egin ditugu eta islari dagozkionak jorratuko ditugu bakarrik hemen, besteak bigarren libururako utziz. Fonetikari garrantzi handia ematen dio, kontsonante herskarien alternantziari batez ere. Adibide batzuk:
D/G: ginda/ginga (Prunus cerasus)
‘Gerezi garratza’ esanahiarekin Euskal Herrian zein eremu hispano-gaskoi gehienean erabiltzen omen da hitza bere bi aldaeretan. Baina garbi du zaharrena ginda dela, eta hona hemen zergatik: “Bi formen arteko gorabehera kronologikoei buruz sor daitezkeen zalantza guztiak uxatzeko, Nuoro-ko sardinieraz esaten den ghinda ‘basa gerezia’ri begiratzea dugu aski, esanahi aldetik guztiz bat dator eta euskarazko ginda ‘gerezi garratza’ hitzarekin”.[1]
Honek bide ematen dio Bertoldiri, besteak beste, gune ibero-akitaniar-sardiniar bat proposatzeko: “ginda-ren zati isolatu hauek bidea ematen digu, batetik, gune iberiar-akitaniar-sardiniar bat berreraikitzeko, eta bestetik euskal fonetikarentzat -ND > -NG joera aldarrikatzeko, zeinek baldintzatu duen ginga bigarren forma gisa eremu eusko-gaskoian”.[2]
Beraz, ikusten dugu aspalditxokoa dela gune ibero-akitaniar-sardiniar baten aldarrikapena. Bertoldi dugu aitzindari.
G/K: gorosti/korosti (eus.); golostri/kolostri (sard.). (Ilex aquifolium); gaztigar (eus.)/costighe (sard.). (Acer campestris). G/Ø): gaztigar/astigar; goroldio/oroldio (eus.); golostiu/olostiu (sard.)
Euskaraz aldaera biak erabiltzen direla dio (gorosti-korosti), eta sardinieraz ere bai (golostri-kolostri) landare berbera izendatzeko. Gainera bigarrena, kolostri, dela nagusi Sardinian, Colostrai ere agertzen delako toponimian.[3]
Alternantziekin jarraituz, hitz hasierako kontsonantearen galera ageri duten bikote zerrenda polita egiten du landareekin: goroldio/oroldio, gaztigar/astigar, giñarra/iñarra (‘ilarra’), gandura/andura (‘intxusa belarra’), gabi/abi (‘ahabia’). Hitz hasierako herskaria berezkoa ala epentesia den galdetzen dio bere buruari, eta berezkoaren alde dagoela ematen du, gero gupel/upel (‘barrika’) adibidea jartzen baitu, latinezko cuppa-tik abiatuta lapurteraz gupel eta gipuzkeraz upel eman ei duelako. [4]
Eta gaztigar/astigar (acer campestris, ‘azkarra’) bikoteaz ari delarik, zentzu bera duen sardinierazko costighe dakar gogora, eta dio oso litekena dela gastigarekin lotuta egotea: “Le vocabulaire sarde possède le mot, non signalé jusq’ici, costighe du Nuoro et du Logudoro”. Eta aurrerago “le mot sarde costighe ‘érable’ qui correspond parfaitement, du point de vue des sons, des formes et du sens, au mot basque gastigar ‘érable’. (1931, 131).
Ikusten dugunez, sardinierako adibidea darabil hizkuntzalari gehientsuenen aspaldiko tesia -hau da, ozena (G-, gorosti) dela zaharra eta gorra (K-, korosti) berria- zalantzan jartzeko, edo behintzat salbuespenak ere badirela azpimarratzeko.
Eta ondorio borobilera heltzen da: “Esanahiek, soinuek (fonetikak), formek, denak garamatza jatorri berdin batean pentsaraztera, substratu ibero-sardoaren markoaren barruan”.[5]
Euskararen garrantzia antzinako hizkuntzen ikerketan
Ziur asko beste oilar batek joko lioke kukurruku hizkuntzalaritza historikoari Bertoldiren ikuspegia gailendu eta euskarari garrantzi handiagoa eman izan balitzaio hizkuntzen ikerketan. “Batez ere euskara, muga guztietatik mehatxatuta egon arren bere fisonomia gordetzen jakin duen islatxo linguistiko hori, da hemen nolabaiteko abantaila ematen diena prehistoria arloko hizkuntza ikerketei. Izan ere, Alpeen eta Apeninoen eremuan substratu arrastoek euskararena bezalako islatxo liguriar edo etruriar baten euskarria izango balute, ez dago zalantzarik konparazioek oinarri sendoagoa izango luketela”.[6]
Substratuaren teoriaz eta hipotesiez gogoetan
“Absurdua litzateke bi hizkuntzalari talde bereizi nahi izatea: batetik, substratuaren teoriaren jarraitzaile itsuak, eta bestetik, aurkariak edo eszeptikoak, maila handiagoan edo txikiagoan. Zorionez, mentalitateak hori baino konplexuagoak dira eta, nolanahi ere, malguagoak. Hizkuntzalari onenek eskubidea dute presaka ateratako ondorioak ez onartzeko eta zehaztasun zientifikoa eskatzeko”.[7]
Eta esaldi gure ustez antologiko batekin amaitzen du: “Baina beti metodoari buruzko kritikak izaten dira, teoriarekiko jarreran eragin behar ez luketenak. Orokorrean, ez legoke txarto zera azpimarratzea: ikerketa mota hauetan, non ezinbestean oso leku zabala hartzen duen hipotesiak, formaren argitasunak materiaren iluntasunarekiko proportzio zuzenean egon behar duela”.[8]
Euskarak latinari eta erromantzeei kalkaturiko landare-izenei buruzko liburua
Bertoldik gure hizkuntzaz ari den liburu txit interesgarria argitaratu zuen 1934an: Calchi baschi dal latino e dal romanzo.[9] Hau da, Latinetiko eta erromantzetiko euskal kalkoak.
Liburuaren edukiak ez du zerikusirik esku arteko gaiarekin, baina hala ere ezin omenaldi txiki bat egin gabe geratu gugan begiak hain arretatsu jarri zituen hizkuntzalariari eta liburuari.
Liburuaren hasierako berbak gaia kokatzeko dira: “Erromantzeak alde guztietatik estututa, euskarak bere bizimodu independentea bizitzen jarraitzen du era mirakulutsuan. Baina honek ez du esan nahi euskara berrikuntzei atea itxita egon denik denboran zehar. Guztiz bestela izan da, isolamendu horren berorren eraginez euskara behartuta aurkitu baita sarri, garai ezberdinetan, kanpoko elementuak onartzera zeltikotik, latinetik, erromantzetik; eta elementu horiek hitz indigenen multzo nagusiak osatzen duen jatorrizko hiztegi fondoaren gainean ezarri dira”.[10]
Oso aditua zen landareetan eta haien izenetan. Haren bibliografiari erreparatzea nahikoa hortaz jabetzeko. Landare-izenak hartzen ditu soilik aztergai obra honetan. Bertoldiren arabera, euskal jatorrikoak dira nagusiki basoko zuhaitz eta sastraka izenak: lizar, zumar, haritz, izadi, astigar, ezki, burgi (gurbitz, ‘madroño’), gorosti, ote, esilar, orre. Baina sendabelarrenak kanpotikotzat ditu gehientsuak: menda, oregaña, erromeru, izpiliku… Latinaren eta erromantzearen kalko edo itzulpentzat dauzka euskarazko landare-izen asko, nahiz eta zalantzak ere azaltzen dituen:
“Lacoizqueta spiega il basco txinurribelar (Chenopodium ambrosioides. L.) così: “de txinurri hormiga y quiere decir yerba de las hormigas, que acuden a esta planta en gran número, atraídas por su aroma, por lo que se toma en infusión teiforme”. Eta hona hemen Bertoldiren galdera: “Il nome rispecchia un’esperienza rurale basca oppure traduce semplicemente il castigliano hierba hormiguera (cfr. calabrese erba de furmícula). Ed una domanda analoga potrebbe venir stesa anche al nome basco del papavero loazle belar, lobelar da lo “sommeil, action de dormir” (Azkue I, 550), attorniato com’è dal ibero-romanzo adormidera ‘papavero’, che risponde al stesso ordine d’idee”. (1934, 10).
Dio sendabelarrena jakintza hedatua eta konpartitua zela antzina, fenomeno kultural zabala, ez lokala, eta horregatik hizkuntza indartsuak lehenesten ditu, greziera, latina eta erromantzeak hain zuzen, sortzaile edo jatorri gisa.
Lakoizketaren liburua[11] eta Azkueren hiztegia darabiltza batik bat euskal izenetarako. Oso diskutigarria iruditzen zait Bertoldik obra honetan dabilen irizpidea. Begi-bistakoa da landare-izen asko ezpal berekoak direla hizkuntza ezberdinetan, eta elkarren itzulpenak diruditela. Baina zeinek kalkatu dio zeini? Norabide eta garai askotakoak izango dira kalkoak, jakina, eta hizkuntza “indartsuek” aukera handiagoa dute emaile izateko, baina sendabelartzat aspalditik erabiltzen diren landare autoktonoen kasuan, bederen, baliteke sendabelar hori erabiltzen hasi zen garaian hizkuntza indartsuak beste batzuk izatea, ez baita ahaztu behar landareak prehistoria urrunetik erabiltzen direla osasungintzan.
Honek ez dio meriturik kentzen Bertoldiren saiakera politari. 150 bat euskarazko landare-izen aipatzen ditu luzeago edo laburrago, eta 49 sakonago aztertzen, beste hizkuntza batzuetakoekin konparatuz: latina, greziera, erromantzeak, arabea, hizkuntza zeltikoak… Adibide bakarra ekarriko dugu:
“10. Basco ekhilili ‘hélianthe’ (Azkue I, 229) da ekhi ‘sole’ e –lili ‘fiore’ = iruzki-lore ‘hélianthe’, iguzki-lore (I, 398) castigl. flor de sol, franc. ant. fleur du soleil, ital. erba del sole, napol. solari, sicil. erva di suli, sardo erba de soli < FLOS SOLIS < HELIANTHUS”. (1934, 14).
[1] Per disiper les doutes sur le rapport chronologique entre les deux formes, on peut recourir surtout au sarde ghinda du Nuoro ‘cerise sauvage’, mot qui est en parfaite concordance de sens avec avec le basque ginda ‘cerise aigre”. (1931, 131).
[2] “Ces fragments isolés de GINDA nous permettent d’une parte, de reconstituer une aire ibéro-aquitano sarde et, d’autre part, de revendiquer pour la phonetique basque la tendance -ND > -NG qui a conditioné la forme secondaire ginga à coté de ginda de la zone basco-gascone”. (1931, 127).
[3] “la Sardaigne connait le méme type avec la méme signification ‘houx’ (ilex aquifolium), et avec la méme alternance entre la sourde et la sonore. Mais la priorité de la première forme est ici mise hors de doute par la présence dans la toponimie sarde de Colostrai avec un element derivatif -ai révélant l’appartenance du type à l’ancien substrat de l’ile.” (1931, 136).
[4] Beste arlo batzuetan ere badira horrelako bikoteak: kokots/okots, koskol/oskol, puzker/uzker…
[5] “Les sens, les sons, les formes, tout port donc à croire à une origine commune dans le cadre du substrat ibéro-sarde”.
[6] “C’est bien surtout le basque, cet ilot linguistique menacé sur toutes les frontières et gardant, néanmoins, sa physonomie propre, qui donne ici aux recherches dans le cadre préhistorique un certain avantage sur les autres. En effet, si dans le domaine des Alpes et des Appenins, les survivances présumées du substrat trouvaient l’appui d’un ilot ligure ou étrusque comparable à l’ilot basque, il n’y a aucun doute que les comparaisons auraient, ici encore, un caractère moins fragile”. (1931, 138).
[7] “Il serait absurde á l’heure qu’il de vouloir distinguer nettement deux groupes de linguistes: les partisans á tout prix de la théorie des substrats et les adversaires plus o moins sceptiques. Heureusement les mentalités sont plus complexes et, en tous cas, plus souples. Que les linguistes les plus éminents se tiennent en droit de désavouer les conclusions par trop hàtives des ceux que qui d’un sain principe de recherche on fait un clef pour ouvrir touts les portes, qu’ils réclament de plus en plus la rigor de la méthode”.
[8] “Mais il s’agit toujours de réserves relatives à la méthode de nature à ne prejuger guère l’attitude à l’égard de la theorie. En géneral, on ne saurait trop insister sur la nécessité que dans ce genre de recherches, ou forcément una si large place est reservé a l’hypothèse, la clarté de la forme soit in raison directe de l’obscurité de la maitière.” (1931, 117)
[9] Calchi baschi dal latino e dal romanzo. Geneve-Firenze, 1934. 36 orrialde, A4 tamainan. Iruditzen zait ez dela oso ezaguna gure artean Bertoldiren harribitxi hau. Nik behintzat ez nuen honen berririk duela gutxi arte. Internetez erosi ahal izan nuen jatorrizko ale bat.
[10] “Serrato d’ogni intorno dal romanzo, il basco continua in modo miracoloso a vivere la sua vita indipendente. Ma per questo non si puó certamente dire che nel corso del tempo il basco fosse rimasto chiuso ad innovazioni. Tutt’altro; in causa dello stesso isolamento il basco venne spesso a trovarsi nella necessità d’accogliere elementi forastieri dal celtico, dal latino, dal romanzo, elementi che nelle varie età vennero a sovrapporsi al fondo lessicale primitivo constituito dalla grande massa di vocaboli indigeni”. (1934, 3).
[11] D. José María de Lacoizqueta. Diccionario de los nombres eúskaros de las plantas en correspondencia con los vulgares, castellanos y franceses y científicos latinos. Pamplona, 1888.
Leave a reply