• Menu
  • Menu

Eduardo Blasco Ferrer (1956-2017)

Bartzelonan jaioa. Alemanian egin zituen ikasketak. Cagliari, Sassari, Bonn, Florentzia eta Municheko unibertsitatetan irakatsitakoa. Cagliariko Unibertsitatean Sardiniera Hizkuntzalaritzako katedraduna izan zen. Argitalpen ugari du. Bere aztergaien artean ageri dira Algheroko katalana, Sardiniako erromantzearen dialektoak eta sardinieraren didaktika eta baturatze proposamenak, beste askoren artean.

Esku arteko gaian, Storia linguistica della Sardegna (1984) liburuan eman zituen lehen urratsak; haren atzetik hainbat artikulu etorri ziren, eta 2010ean beste liburu inportante bat argitaratu zuen, zalantzarik gabe orain arte gaiaz idatzi den sakonena: Paleosardo. Le radici linguistiche della Sardegna neolitica.

Ezinezkoa den arren hain liburu trinkoa eta aberatsa hitz gutxitara ekartzea, saia gaitezen laburpentxo bat egiten. Euskal lurraldetik joandako migrazio batek populatu bide zuen isla Mesolito Aroan (K.a. 8.000-5.000). Geroago ere izango ziren beharbada beste migrazio batzuk. ADN mitokondrialaz eginiko azterketek erakusten omen dute jatorria gune eusko-kantabriarrean duen V aplogrupoa oso ugaria dela islaren erdialdean. Sardiniako obsidiana harria (silex bolkanikoa), berriz, lehengai preziatua izan zen Neolito Aroan, eta harri horrekin egindako objektuak agertzen dira Iberiar Penintsulako indusketetan; harreman horien froga litzateke presentzia hau.

Neolito osoan eta Brontze Aroan mintzatu zen paleosardiniera islan; eta erromatarrek Sardinia hartuta gero ere bizirik iraun zuen denbora batez konkistatzaileek Barbaria deitzen zioten lurraldean. Eskualde honetako zenbait lekutan % 40tik gorakoa da gaur egun leku-izen aurre-erromatarren dentsitatea.

Hizkuntza aglutinatzailea, hots, eranskaria, zen paleosardiniera, iberiera, etruskoa edo euskara bezala eta hizkuntza indoeuroparrak ez bezala, hauek flexiboak baitira. Fonetika aldetik oso hurbil ikusten du euskaratik egungo sardiniera: bokal berdinak; soinu frikari eta afrikatu berdintsuak (z, tz) hitz hasieran bokala R aurretik; betazismoa (V fonemarik ez), eta abar.

Bestalde, leku-izen askok duten -ake atzizkia (-aghe), pluralgilea edo euskarazko -aga-ren parekidea dela uste du Blascok: Funtana de Latzake, Itzotzake… Edo eta nur+aghe, islako eraikin enblematikoaren izena.

Islako toponimian nabari daitekeen euskal erro asko seinalatzen du, batzuk Bertoldi, Hubschmid, Wagner eta abarrek aurrez ikusirikoak, beste batzuk Blascok berak lehen aldiz proposaturikoak; ala, (h)aran, ardi, (h)aritz, baratze, baso, *bel, berri, bide, ertz, *gobi (hobi), *goni (goi), gorri, (h)artz, (h)iri, istil, itz/*iz, lats, logi (lohi, loi), lur, mando, *mele, mokor, *ni/nin, oin (ona), ola, on, orri, (h)osto, (h)otz, soro, *su/sune, *tur (iturri), ur, zuri… Azpimarratu beharrekoa omen da leku-izen askok duten (bigarren elementu gisa gehienetan) –mele/nele hitzaz esaten duena: beltz-en aldaera dela pentsatzen du, paleoeuskarako beles-en kidea, hain zuzen, B/M alternantzia ohikoa baita euskaraz.

Euskal hizkuntzalariek latinaren mailegutzat jo izan dituzten hainbat hitz edo erro agertzen da Sardiniako toponimian, azeri, soro eta (h)obi, esaterako. Azken hau komentatzerakoan ez dator bat Mitxelenak proposatu eta jarraitzaileek onartu duten foveum etimologiarekin. “La sola presenza del termine in Sardegna esclude tale ipotesi etimologica”, dio Blascok (2010a, 112). Eta etimologistendako aholkua: mailegutzat jotako edo jatorri iluneko euskal erroen eta paleosardinierakoen artean kidetasunak daudenean, euskal etimologistek “etimologie interne alla loro lingua” bilatzen saiatu behar omen lukete.

Blasco Ferrerren liburuak astindu gogorra eman dio gaiari. Haren aurreko ikerle askok garrantzia eman izan diote iberierari eta euskarari (zenbaitentzat gauza bera) paleosardiniera aztertzerakoan, baina beti ere “substratu mediterraneo” kontzeptuaren barruan, zentralitaterik aitortu gabe. Blasco-k, ostera, aldarrikatzen du euskal lurretan jatorria duen migrazioaren hizkuntza dela paleosardiniera, ukatzen ez duen arren geroagoko beste migrazio eta hizkuntza batzuen eragina.

“Azkenik aurkitu diogu euskarari anai- arreba bat, aspaldi hildakoa bada ere!”, pentsatu genuen batzuek pozik. “Liburu hau mugarria izan daiteke paleosardinierari buruzko ikerketetan, eta euskararen historiari buruzkoetan ere garrantzi handikoa”,[1] idazten nuen egunkarietara bidalitako iritzi-artikulu batean.

Blascok horrela titulatu zuen liburua argitaratu ondorengo artikulu bat: “ll sostrato paleosardo: fine d’un rebus”,[2] hau da, “paleosardinieraren substratua: auzi eztabaidatu baten amaiera”. Ez dirudi hala izango denik. Denbora bat igaro da eta inpresioa dugu liburuaren tesiak ez duela izan merezi duen oihartzunik eta arrakastarik ez Sardinian eta ez Euskal Herrian.

Interneten ikusten dugunez, islako pare bat hizkuntzalari[3] oso gogor oldartu zaizkio Blascori, argudio linguistiko oso ahulekin, nire ustez. Euskal Herrian, berriz, aipaturiko iritzi-artikuluaz gain, Orpustanen erreseina,[4] eta ez askoz gehiago. Egia da 2011ko maiatzean, EHUko Letren Fakultateak gonbidatuta, Blasco Ferrer-ek hitzaldia eman zuela Gasteizen Paleosardo y paleovasco: bide berriak izenburuarekin, eta hurrengo urtean, 2012ko ekainean, EHUko zazpi kidek parte hartu zutela Blascok Sardinian antolatu zuen Gorosti U5b3 izeneko kongresuan.

Baina gai hauetaz aurrerago mintzatuko gara, Euskaldunak zer? ataleko Blasco Ferrer-en teoria iraultzailea eta Euskal Herriko ikerleak atalean.


[1] “Euskara eta paleosardoa, senide hurbilak?”. Berria 2011-04-08.

[2]  In Zeitschrift für romanische Philologie 127, 63–110.

[3] Massimo Pittau: http://www.pittau.it/Sardo/blascoferrer.html. Alberto Areddu, Le Origini Albanesi della Civiltà in Sardegna liburuaren egilea: http://gianfrancopintore.blogspot.com.es/2012/07/gorostiu5b3-ovvero-il-bosone-di-blasco.html

[4] Jean-Baptiste Orpustan. “Compte rendu de lecture. Eduardo Blasco Ferrer. Paleosardo”. Artxiker artxiboa. 2011.

Leave a reply

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *